Andres Espinosa mendizale zornotzarra gogoratuko dute aurten ere, mendi irteerarekin

Andres Espinosa PR BI-74 ibilbidea ezagutzeko aukera izango da datorren urriaren 3an, gida baten azalpenenekin. Bi ibilbide izango dira aurten ere: luzea, 22,5 kilometrokoa eta laburra, 6 kilometrokoa.

Amorebieta-Etxanoko Udalak Andres Espinosa mendizale zornotzarra gogora ekarriko du beste urtebetez, urriaren 3an antolatu duen mendi ibilbidearekin. Espinosa izan zen Euskal Herritik kanpo ezaguna egin zen aurreneko mendizalea; izan ere, beste hainbat balentrien artean, aurrenekoa izan zen Mont Blanck eta Kilimanjaro bakarrik igotzen, 1929 eta 1939 urteetan, hurrenez hurren. Era berean, aurreneko mendizale euskalduna izan zen Himalaiako mendikatera gerturatzen. Bere bizitzan zehar lotura zuzena izan zuen Espinosak Amorebieta Kirol Elkartearekin, eta Udalak eta zornotzarrek urtero-urtero omentzen dute ‘Andres Espinosa Gogoratzen’ irteerarekin.

Bi ibilbide Jauregibarria parketik aterata

Espinosaren omenezko bi ibilbide izango dira aurten ere Amorebieta-Etxanon. Ibilbide nagusia, 22,6 kilometrokoa da eta goizeko 08:00etan aterako da Jauregibarria parketik. Ibilbide laburra aldiz, 6 kilometrokoa, familia giroan eta etxeko txikiekin egiteko aproposa da; goizeko 10:00etan aterako da, Jauregibarria parketik baita ere. PR BI-74 izena du Espinosaren omenez egiten den ibilbideak. Homologatua dago eta helburua da hiru interpretazio mahairen laguntzarekin, eta gida baten azalpenekin, Andres Espinosaren bizitza eta abenturak ezagutzea.

Amorebieta-Etxanoko Udalak azpimarratu nahi du aisialdi-proposamen hau era eta adin guztietako pertsonentzat egokia dela, aipatu bezala, ondo bereizitako bi zati dituelako: erraza eta erosoa bata, eta luzeagoa eta gogorragoa bestea. Hori horrela, zornotzar guztiak gonbidatu nahi ditu parte hartzera.