MANGAMORE 09

8000 pertsona baino gehiago hurbildu dira Mangamoreko hirugarren ediziora.

 

Pozik gagoz. Izan ere, Zornotzako herriaren erantzuna berriro ere izugarria izan da Mangamore honetan, eta zenbakiak baino gehiago guk, antolatzaileak,  horren atzean dagoena azpimarratu gura genuke.

 

Alde batetik herriko gazteriaren partehartze aktiboa bultzatzea lortu dogu: Aurtengo abestia eta bideoklipa grabatzeko Amorebieta-Etxanoko 20 gazte baino gehiago parte hartu dabe, euren denbora, ahotsa, lana eta ilusioak musutruk eskainiz. Lan horren emaitza Youtuben, eta beste zenbait orrialdetan –komunikabideenak, blogak, facebook, foroak…- bideoak 2000 bisita edo ikusle baino gehiago izan dauzala izan da. Gazte hauek inaugurazioan zuzenean abestia eskaini eben ere. Beste herriko zenbait gazte alkarte kultural aktiboen bitartez udalarekin elkarlanean Mangamoreko zenbait ekintza antolatu dabez, mahai jokoen gunea eta Soft Combat lehiaketak besteak beste. Eta urriaren 8tik 12ra Mangamoretik 10-18 urte bitarteko 2000 gazte baino gehiago orduak pasatu dabez, bideojokuetan aritzen, margotzeko tailerrak egiten, ileapaindegian, dantza egiten eta alde batetik bestera antolatutako ekitaldi eta ekintza guztietan parte hartzen. Denborapasa zuria, tolerantea eta irekia, hori da Mangamorek eskaintzen dauana eta hori da Zornotzako gazte gehienak bilatzen etorten direna. Aurkitu dabelakoan pozik gagoz.

 

Kanpotarrak ere izan dira gure artean. Antolatzaileak daukaguzan datuen arabera 500 gazte baino gehiago izan dira bizkaiatik kanpo etorritakoak. Gehienak Araba, Gipuzkoa eta Nafarroatik etorritakoak, baina baita Zaragozatik, Bartzelonatik, Madriletik, Valentziatik eta Kantabriatik etorritakoak izan dira. Interneten eta eskutitzen bitartez jaso doguzan hitzen arabera hurrengo urtean bueltatzeko gogoarekin joan dira danak eta gure herriaren irudirik onena eramango dabe euren bizilekuetara. Herri langile, irekia, eta baketsuaren irudia. Hiroshimara bialdutako 1000 kurriloak (herriko umeak, gazteak eta nagusiak egindakoak) horren sínbolo bihurtuz.

 

Baina ez dira bakarrik gazteak Mangamorera hurbiltzen direnak, izan ere aurten zozketatu dan Nintendo Dsi kontsola neska gaztetxo batek irabazi dau, eta hori kontutan izanik hurrengo urterako umeentzako ekintzak gehituko dira, tailer berriak antolatuz. Familiak nagusi dira Mangamoren, askotan umeak bultzatuta gurasoak mundu berri bat ezagutzen dabe, mozorroz, kolorez eta musikaz jantzitako mundua. Janari berriak jateko aukera izaten dabe eta ez da arraroa izaten, adin bateko pertsonak pantaila bati begira tanbor bat jotzen edo argiz beteriko zoruan dantzan egiten ikustea. Hauei ere eskerrik asko hau guztia posible egiten dabelako.

 

Azken finean,  datuek erakusten dabena, guztiei zuzendutako ekintza bat dala da. Adin eta pentsamendu guztietako pertsonei zuzendutakoa. Mangamoren gagozan bitartean hori baino ez garelako, pertsonak, lotsa galtzeko aukera daben pertsonak, desberdinak diranak errespetatzeko eta ezagutzeko aukera izango daben pertsonak, eta beste leku batzuetatik etorritakoa ezagutzeko eta bereganatzeko gogoa daben pertsonak. Hori da gure nahia, hori da Mangamorek dauan helburua Japoniar kultura aitzakitzat hartuta, hiru egunez pertsona askeak sentitzeko aukera izatea eta hori lortzeko gero eta hurbilago gagoz zuen partehartzeari esker.

 

Hurrengo urtean ikusiko garelakoan, Eskerrik asko Zornotza!