Jokoan 2021

 “Jokoan” mahai-jokoen jaialdia ospatuko da Amorebieta-Etxanon azaroaren 27an eta 28an. Zelaieta Zentroan, Amorebieta IV frontoian, izango da eta adin guztietako jendearentzat zabalik egongo da 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara, sarrera doakoa da.  

Bi gune izango dira parte-hartzaileen adinaren arabera bereiziak: familientzako gune bat, 4 eta 9 urte arteko umeentzat egokia dena, umeek eta helduek elkarrekin jolasteko. Baita 9 urtetik gorakoentzat zein helduentzat gunea ere.

Gune familiarrean aldez aurretik joko-espazioa erreserbatu beharko da. Horretarako, bertaratu eta parte hartu nahi duten guztiek izena eman beharko dute aldez aurretik Gazte Informazio Bulegoan, aurrez-aurre edo 946300649 telefonoaren bidez. Lekua baldin badago, ekitaldiaren egunetan bertan eman ahal izango da izena, eta espazio libre horiek heldu diren ordenaren arabera beteko dira.

Izena ematean eta joko-espazioa erreserbatzean, ordua eta mahaia aukeratuko dira. Jolasteko mahai bakoitzak, gehienez ere 5 jokalari izateko aukera emango du. Pertsona horiek, aldez aurretik erreserbatuta, esleitutako ordua baino 5 minutu lehenago agertu beharko dira.

Herritarren ahalik eta parte-hartzerik handiena bermatzeko, ekitaldiaren egun bakoitzean gehienezko erreserba muga ezarriko da: bat goizez eta beste bat arratsaldez. Aldi berean, mahai jokoen partidek gune familiarrean gehienez 60 minutuko jolas-denbora izango dute. Gune orokorrean ez dago denbora mugarik. Aisialdirako eskaintza desberdin bat erakutsi nahi da, mahai-jokoetan oinarritutakoa hain zuzen ere. Ekitaldiko dinamizatzaileek azalduko dituzte jolas eta jokoen arauak, beraz, ez da beharrezkoa hauek ezagutzea.